XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) irribarre nekatu bat egin eta, bere hitzetan sobera sinetsi gabe, seguruenik beste batean elkartuko ginela esan zidan, hobe zela gauzak zeuden-zeudenetan uztea.

Edozein modutan, zaldi lasterketa bat irabazi duen astoa sentitzen nintzela, topatu nuen lehenengo kafetegian sartu nintzen.

Inguruan lagunik ez zegoenez, Cola-Cao bero-bero bat eskatu nuen.

Bitartean komunera jaitsi nintzen.

Brageta aldean plastoi ederra nabari zen, baina jertsearekin nola edo hala ezkutatzen ahal nuen.

Hala ere, txiza egiteko txoria atera nuenean, beldurturik geratu nintzen: artean guztiz lehortu gabeko lirdingatan, txoriak indioilar handi bat zirudien, gauean zehar igurztearen poderioz erabat puztua, handitua, gorritua..., gaur goizean, errekako uretan garbitu eta bi intxaurren erdian txiki-txiki geratu zaidan honekin zerikusi gutxi zuela.

Eta topaketa haren ozpina egun hartan bertan are gehiago ozpindu zitzaidan.

Lagunekin arratsaldean berriro elkartu nintzenean, hasieran denok ere aski burumakur eta gorputzaldi kaxkarrarekin egon ginen.

Baina laster, zurito bat hemen zurito bat han, lagunak pixka bat bizkortu eta harrotzeko moduko gauzak esaten hasi zitzaizkidan: ea neska barnetik kanpotik bezain eder zegoen, ea zertan ibili ginen, ea gauerako geratuta geunden...

Eta ni oilarra baino harroago, konkistatzaile plantak eginez, neskaren agurraz eta nire inozotasunaz piperrik ere esan gabe.

Gero, Unairekin buruz buru, dena kontatu nion, batez ere telefono zenbakia eman nahi ez izanak sortarazi zidan harridura.

Baina Unairen hitzek are harrituago utzi eta asto lasterketa bat galdu duen zaldi arabiarra sentiarazi ninduten.